Kareharriak: Kaltzio karbonatoa hauspeatuta sorturiko sedimentuetatik datoz, eta hori arro sedimentarioko faktore kimiko edo biologiko batzuk aldatzen direnean gertatzen da. Kareharrietatik eraikuntzako materialak lortzen dira: apaintzeko harriak, zementuak, karea, etab. Karea lurzoru batzuen kalitatea hobetzeko ere erabiltzen da. Oso ederrak, gogorrak eta leuntzen errazak direnez, kareharri asko erabilera handikoak dira eraikuntzren sektorean.
Dolomiak: Kaltzio karbonatoz eta magnesioz osaturik daude. Ia guztiak kareharrizko sedimentuetatik sortzen dira, eta, horietan, kaltzioaren zati bat magnesioarekin ordeztuta zegoen. Dolomiak gehigarritzat erabiltzen dira, beira eta pintura batzuk fabrikatzeko. Lurrean, erliebe "zimurraren" itxurak argi eta garbi bereizten ditu kareharrietatik. Oro har, dolomiek kristal itxura dute, dolomiak osatzen dituen mineralak (dolomita du izena) ikusteko moduko kristalak baititu.
Ebaporitak: Ura asko lurruntzen den lekuetan sortzen dira, eta lurruntze horrek hauspeatu egiten diren gatz batzuk asetzea eragiten du. Igeltsua eta gatzarria edo halita ebaporitak dira. Igeltsua eraikuntzako igeltsuaren eta eskaiolaren lehengaia da, eta horiek eraikinen barruak estaltzeko erabiltzen dira. Gatzarria industrian aplikazio ugari dituen ebaporita bat da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario